AURKEZPENA ETA HISTORIA

Adurtza ikastola, Gasteizen ezagunak diren beste sei ikastola publiko bezala (Arantzabela, Barrutia, Landazuri, Banbi, Ikasbidea, Odon de Apraiz eta Tokieder) Arabako Aldundiaren ekimena izan zen.
Gure lehenengo umeak Oblatas Komentuan (Armentian) aritu ziren eta Banbi eta Odon Apraizeko ikasleekin batera egin zituzten bi urte.
85-86 ikasturtean LTH dela eta, Aldundiko Hezkuntza Zerbitzuak Eusko Jaurlaritzara transferitu ziren eta, ondorioz, Oblatasen zeuden Adurtza auzoko umeei Mirentxu-Guruzmendi ikastetxean eman zitzaien jarraipena, zegoeneko eskolaurreko beste ikastetxe batek okupatzen zuena eta konpartitu behar zena; Zaramagako ikasleei Odon de Apraiz ikastetxe berrian; eta Erdialdekoei Banbi ikastetxean.
1985eko uztailean ikasleen gurasoek eskutitz bana jaso zuten. Eskutitz horretan bertako umeek garaiko OHOko 5. mailara arteko ikasketak Mirentxu-Gurutzmendin egingo zituztela ziurtatzen zitzaien.
Hasiera hasieran 3 talde ziren: Haur eskolako 3, 4 eta 5 urtekoak, hiru irakaslerekin.
Kezka handia genuen: A eta B ereduak elkarturik zeuden eta zentro berean euskara menperatzen ez zuten irakasleak egoteak ez zuelako helburuak lortzen lagunduko.
Administrazioarekin negoziazioak etengabeak ziren. Delegatu aldaketa ugari gertatu ziren bitarte horretan, eta horrek egoera ezegonkorra areagotu egiten zuen.
Guk lehentasuna ematen genion elkarrekin jarraitzeari, hau da, eskolaurrea eta OHOa ikastetxe berean izateari. Momentu horretan ez zegoen baldintzak betetzen zituen ikastetxerik auzoan. Horregatik erabaki zen geunden tokian gelditzea, beharrezko ziren egokitzapenak eginda: liburutegia, motriz gela, bulegoa,... prefabrikatuen bitartez. Inorekin arazorik izateko asmorik ez genuela azaldu genuen.
90-91 ikasturtean gure ikaslerik nagusienak 6. mailan zeuden eta behin-behineko egoeran jarraitzen genuen.

Adurtza Ikastola eta Severo Otxoa eskolaren arteko fusiorako batzordea lanean hasi eta hurrengo urtean negoziazioak hasi ziren. Helburua: Gasteizko hegoaldean ikastetxe euskalduna sortzea.
Severo Otxoako A ereduko ikasleak San Ignacio ikastetxean integratu ziren eta B eredukoak Adurtza ikastolarekin bat egin zuten.
Adurtza Ikastolako ikasleak Severo Otxoak orain arte izan duen eraikuntzara pasako ziren, Eskolaurretik OHOko 8. mailara arte.
Ordurarte Ikastolan auzoko umeak eskolatzen ziren arrren 95-96 ikasturtean Arabako zenbait herritako umeak ere Adurtza Ikastolara etortzeko aukera izan zuten: Urizaharra, Trebiño, Manzanos, Beranturi, Okina, Otazu,....
09-10 ikasturtetik aurrera, 2 urteko gelak sortu dira eta probisionalki Dantzari Plazan daude, bertan lekurik ez dugulako.
Eta hauxe da gure ikastola txikiaren historia handia edo, hobeto esanda, gure ikastola handiaren historia txikia.